Bertsoak

KANTABRIAKO ITSASGIZONAI OROIPEN BAT

Txirrita / Fermin Imaz, 1912

Nere bihotz gaixoa eskaka ari zat
bertso bi ipintzeko, baldin baderitzat.
Abuztuan hamabian sortu zan ekaitzak
egin dizkigu oso deskalabru gaitzak:
makina bat persona hondatu du behintzat.

Penak esplikatzera orain naiz abian,
motiboa dan gisan mintzatu nadian.
Mila bedetzirehun eta hamabian,
gainera Abuztuko hilaren erdian,
desgrazi hau pasa da Kosta Kantabrian.

Kulpa gabeko franko badu eramana,
bakoitzai errezatu aitagure bana.
Hain da negargarria egin digun lana,
anparo gabe utzi hainbeste haur ‘ta ama,
sinesten ere gaitz da aurten pasa dana.

Abuztuko hilaren hamahirugarrena,
guretzat argitu dan egunik txarrena.
Izan zagun kupida denak alkarrena,
gogoratu hutsarekin lehertzen zait barrena:
hau da paraderua kantabritarrena!

Ehun ‘ta hamaseikoa Bermeo bakarra,
aurten ez dute izan suerte ederra,
herri txiki batentzat ai hori negarra!
Haurrak aita falta du ‘ta amak senarra,
badaukate anparo on baten beharra.

Itsasoa zitzaigun hasarretzen hasi,
mendabal aldetik zan haizea nagusi.
Nork bere puestoari ezin zion eutsi,
danak zatitu ditu, inor ez du utzi,
Gipuzkuan bertatik ez da falta gutxi.

Ehun ‘ta berrogeita hiru omen dira danak,
arrantzaleetatik hondatu diranak,
gure Jangoikoari kontua emanak.
Guk egin behar degu, bizirik geranak,
haietzaz erregutu bihotza duenak.

Aita San Inazio belako barkua
hamahiru gizonekin urpean sartua.
Beraren imajina han zuen santua
Habanako partean dago kostatua,
tenpestade gaiztoak jo ‘ta puskatua.

Egur biren gainean gizon bat jarria,
ai, zer ote zan haren orduko larria!
Lagunak bera joan ‘ta estadu urria,
ez da Donostiara errez etorria,
ikusi du bidean istilu gorria.

Seinale ibili dala arrisku haundietan,
arrai txarra besterik ez dan tokietan.
Hilaren hamabostan, goizeko seietan,
baporiak hartu zun beraren deietan.
Nahikoa sufritu du paraje hoietan.

Izena Daniel du, nombrea Eskurtza,
jenio bizikoa, espiritu hutsa,
‘ta baliatu zaio Jaunaren laguntza.
Oso maltratatua sartu zan honuntza,
berriz egon liteke joan gabe haruntza.

Inork galdetzen badu «Gauz’ hori nola da?»,
nik erantzungo diot: «Egiaz honla da».
Inor dudan badago betor eskolara,
anuntziatu zuen orduko bolara,
graziak mila bider, Aita Orkolaga.

Ai, gure bihotzeko Aita Orkolaga,
beraren eskutikan ez gaitzala laga.
Orain bezela zaitu eguna ‘ta gaba,
berriz itxaso hortan ez gaitezen traba,
berorren talentua gauza beharra da.

Jainkoa portatzen da danentzat ondradu,
gaiztoarentzat igual, hain bihotz ona du,
emanaz irabazten degun ainbat gradu.
Itsaso sagradua ur guzien buru,
hark ere gurutzea errespetatu du.

Jesus maiteak eman dezala argia,
oraingo bolada hontan badago premia.
Euskaldunen artean hau da pikardia:
Bermeotik galdu da jendeen erdia,
lutoz jantzia dago Kosta Kantabria.

Hango itsaskolpeak ‘ta orro borroiak
tragatu nahi zituen mendi ‘ta herriak,
pasa dira desgrazi ikaragarriak.
Horra hamasei bertso oraingo berriak,
Fermin Imazek eta Txirritak jarriak.